XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SAN ANDRES ERMITA PLAENTZIAN.

Gure mendi eta basoetako zenbait ermitak badute beren baitan nolabaiteko giro atsegin bat, herritar arte atsegingarriak eta bertako debozioaren graziak ematen dien berezitasunagatik.

Honelakoa dugu Plaentziako San Andres.

San Andres-ek, gainera, negu parteko igandeetan poeta bat du predikari, giro berezi hori aberatsago egiten duena.

Historian holakorik gutxitan gertatzen bai da.

Nik ez dakit San Bizente Ferrer-ek bere garaian zer predikatuko zuen Arrasaten, bost mende igaro ondorean aipagarria izateko; baina, dena dela, orduko mondragoarreri kostako zitzaien hamabosgarren mendean ezagutu ziren emakume ereslari haiek bezalakoen abots eztia eta egoki agertutako esaldiak entzutea.

Nere iduriz, haiekin berdintzekoa ez bada ere, Asis-koaren ezpaletik datorren poeta euskaldunak eman lezake gogoaren asegarririk.

Eta hau da azken urteotan San Andres-en jazotzen dena.

Baina nere egitekoa ez da neronek betetzen ez dudanetik besteei eskatzea eta noan San Andresko arte balioak zertan diren adieraztera.

Herritar artea eta herritarren gogoa ezagutzeko egokiak bai dira ermita hoiek.

Ermita bera, herriaren ekaldeko mendi maldan kokatua da.

Oinez joatera, ordu erdi baino gehiago behar dugu; hiru ordulaurden hurbil.

Baina kamino berri bat dago eta autoz joan daiteke.

Paraje polita da, Soraluze menpean duela.

Aintzina, inguruetako soroak gehiago lantzen zirenean, ekaitzetik gorde ahal izateko, Arteta baserriko nagusia izaten zen begirale, ekaitza zetorrenean ermitako kanpaia joaz auzoeri aditzera emateko.

Hau zen Ore-kanpaia zeritzana.

Ohitura honen berriak aspaldi eman nituen.

Ikus Gogoz liburuaren 73. orrialdean.

Ez bai du merezi berriro kontatzerik.

San Andres ermita, bere itxuraz, XVI. mendean eraikia da.

Bere lehenengo agiri idatzia 1545ekoa, San Andres de Yriaun bezala, Ramiro Larrañaga Plaentziako historiagile adiskideak 1974ko Andra Mari-San Roke jaietako programan agertu zuenez.

Otaharri ubel eta berdezkaz eraikia da.

Inguru honetan ugari bai da harri mota hau.

Bere egituraz ez du ezer bereizgarririk.

Harlanduzko atea arku biribilez eta baserrietan ohi den zurajea teilatuaren euskarri.

Aldara partetik elizaren erdi ingururaino arku zapaldun zurasabaia, bere egituraz Arrateko elizaren sabaia bezalakoa.

Gainerakoan ez du garrantzizkorik ezer, zurezko koru arrunta izan ezik.

Irudiz nahikoa aberatsa da.

Aldaratxo baten erdian San Andres (1,44 m. neurriz) romanista deitzen den hoietakoa.